Nire unibertsitate-ikasketak giza harremanekin zuzenean lotuak egon dira. Orduan ikasi nuen enpatia eta asertibotasuna bezalako trebetasun sozialak lantzea aberasgarria zela. Biak ere niretzat oso erakargarriak ziren arren, ikasketak amaituagatik norbait ulertzen saiatzen nintzenean, “oso ondo ulertzen zaitut, iaaaa, noski, ni ere bai…” esan niezaieken, baina aurrerago joaten ez nekiela konturatzen nintzen. Aldi berean, egiaztatu nuen “ez” esateko edo besteei gustatuko ez litzaieken zerbait adierazteko zailtasun handiak nituela.

Amatasunarekin exijentziak, inposaketak eta mehatxuak erabiltzearen tentazioa areagotu zen eta egoerak kudeatzeko garrantzitsuak ikusten nituen baloreetan oinarritzeko gaitasuna mugatua nuela ohartu nintzen. Gainera, nire seme-alabekiko harremana hobetzea helburu zuen ekarpen emozionalarekin talka egiten zuen. Nire mugak onartu nituen, ordura arte inork ez zidalako erakutsi modu esanguratsu batean nire emozioak kudeatzen, gatazkak modu egokian konpontzen, niri gertatzen zitzaidanaren kargu hartzen edo besteei beraien esperientzietan bidelagun izaten …

Orain dela 12 urte, Marshall Rosenberg-en Komunikazio Ez Bortitza (KEB) ezagutzean, garbi ikusi nuen bilatzen ari nintzena aurkitu nuela. Prozesu argi eta osoan datza, edozein erlaziotarako baliagarria dena (norberarena barne), bizitzaren zerbitzura dena onartu, jaso eta eraldatzeko. Ordutik interes handiz murgildu naiz honetan eta barneratzeko eta partekatzeko nire esku egon den guztia egin dut. Lasaitasun infinitua sentitzen dut ez dudalako “perfektua eta ez bortitza” izatea lortu behar, eta zailtasun edo gatazken aurrean, eredu honek eskaintzen dizkidan lanabesekin, ulertu, goxotasunez jaso eta onartu naitekeelako. Nire helburua, deskonektatzen naizen momentuetaz jabetzeko ahal bezain kontzienteen egotea da, jarraitu nahi dudan bidea berriro aurkitzeko neure buruari babesa emanaz. Ibilbide honetan, KEB nire makulua da.

Famili, eskola (baita unibertsitate) eta gizarte mailan ditugun hainbat eta hainbat mugez jabe naiz. Bizitzako arrakasta pertsonalerako oinarrizko elementuak haurtzarotik jasoko dugun hezkuntza batean amesten dihardut – orainaldi eta etorkizunerako- eta hortik abiatuta, ahal dudaneraino, erlazio osasuntsuetarako hazten lagundu dezakeen hazia jartzen saiatzen ari naiz. Pribilejiatua sentitzen naiz helburu hau lortzeko ekarpenak egin ahal izateaz eta guzti hau, neure heziketa pertsonalerako bidea ere izateaz.