Indarkeriarik, errurik eta erresuminik gabeko mugak

Mugak ezartzea funtsezko trebetasuna da harreman osasuntsuak eta onak eraikitzeko. Hala ere, hori egitea erronka bat izan daiteke, bereziki konfrontazioa, errua edo erresumina saihestu nahi badugu. Berri ona da estrategiak daudela mugak modu eraginkorrean jartzeko, gure beharrak komunikatuz, elkarrekintza edo egoera batean noraino iristeko prest gauden zehazten laguntzeko. Erreferentzia horiek ezinbestekoak dira beste pertsonak nirekin kokatzen ikas dezan, norberarekiko errespetuan oinarritutako harremanak sortzeko eta geure burua errespetarazteko.

Komunikazio Ez Bortitza (KEB) tresna indartsua da muga irmo eta atseginak ezartzeko. Horretarako, eredu honek, “nik esaten dudalako eta kito”, “zure onerako da”, “betetzen ez baduzu…” edo “nik honaino eta hau zurea da” esaldiekin komunikatu beharrean, behar dugunari lotutako muga komunikatzea proposatzen du. Besteak beste, nola sentitzen garen errua bota gabe edo beste pertsonari eraso egin gabe adieraztea.

 

Adibidez, etxez aldatzen laguntzeko eskatu didazu, baina konpromiso asko ditut asteburu honetan (behaketa). Deseroso samar sentitzen naiz, oraingo honetan ezin dizudalako lagundu (Sentimendua).
Ziur egon nahi dut neure konpromisoak betetzearekin, estutasunik ez izateko eta nire bizitzan oreka mantentzeko (beharra).
Nahiz eta nik mugari buruz dudan erabakiari eutsi, zubi bat ezar dezaket, non beste pertsonaren beharrak axola zaizkidan eta era batera edo bestera kontuan hartzeko prest nagoen. Etxez aldatzen lagunduko dizun norbait bilatzen laguntzea gustatuko litzaizuke? Aukera batzuk eskain diezazkizuket edo esku bat eman, bideragarriagoa zaidan beste une batean (eskaera/ekintza).

Konexioa mantentzeak ez du esan nahi zure mugetan amore ematen duzunik. Kontua da modu zintzoan eta errespetuz komunikatzeko modu bat aurkitzea, baita desadostasunak daudenean ere. Elkarrekintzak ez du muga gainditzen; aitzitik, espazio bat ireki dezakegu beste pertsonaren ikuspegia eta haren beharrak arretaz entzuteko.

Muga adeitsu bat ezartzeak ez du esan nahi beste pertsonak ulertu behar duenik edo gustura hartuko duenik. Ez gara besteen zorionaren erantzule. Garrantzitsua da beste pertsonaren emozioak ezagutzea eta baliozkotzea, batez ere haren portaerarekin ados ez gaudenean. Horrek entzuna eta ulertua sentitzen lagunduko dio, eta muga onartzeko prozesua erraztu dezake.

Ohikoa da errua sentitzea mugak ezartzean, batez ere besteei atsegin ematen ohituta bagaude. Une egokia da geureganako bihotzberotasuna praktikatzeko. Geure buruarekin atsegina izatea eta premia garrantzitsuren bat zaintzen saiatzeko ahal dugun onena egiten ari garela jabetzea lagungarria izan daiteke.

Normala da nolabaiteko deserosotasuna edo erresumina sentitzea, beste pertsonak ezartzen ditugun mugei modu positiboan erantzuten ez dienean. Beste pertsonak mugaren aurrean nola erreakzionatuko duen kontrolatzea ez dago gure irismenean, baina bai nola erantzuten dugun kontrolatzea. Lasai egotera, mezua modu argi eta irmoan jakinaraztera eta mugaren bidez babestu nahi ditudan beharretan oinarritzera bideratzeak sustraitzen laguntzen dit. Beste pertsonak mugaren inpaktua maneiatu dezakeela uste izateak egonkortasuna ematen dit, baita haserretzen edo zapuzten bada ere. Espero dudan erronka nire beharretan irmotasuna mantentzea da, eta, aldi berean, beste pertsonaren kezkak entzuteko eta bere beharrizanak aintzat hartzen dituzten irtenbide sortzaileak bilatzeko malgutasunez jokatzea.

KEBk mugak argi, zintzo eta errespetuz ezartzeko aukera ematen digu, gure inguruko pertsonekin komunikazioa eta harremanak sendotuz. Eta bai, praktika eta pazientzia eskatzen dituen prozesua da.

Besarkada bat,

Nerea.