Bizitzen ari naizen egoera konkretu batean, neuri eta beste pertsonari gertatzen ari zaionarekin konektatzeak nire esperientzia pertsonala zintzotasunez adierazteko gaitasuna eta besteari enpatiaz entzuteko gaitasuna eskatzen ditu. Eta hori, hautematen edo jasotzen ditudan hitz edo ekintzak baino haratago doa. Bi gaitasun horietako bakoitzak lau osagai ditu: egoeraren behaketa, pizten diren sentimenduak ezagutzea, ditugun beharrak identifikatzea eta eskaera egitea (beharrak asetzen lagunduko dizkidan ekintza konkretuak).

Zintzotasunez adierazteko edo enpatiaz entzuteko gai izateko ezagutu beharreko piezarik garrantzitsuenak, ase nahian gabiltzan beharrak dira. Gizaki guztiontzat unibertsalak diren balore, grina edo aspektu garrantzitsuak, edonor hazi eta loratzeko beharrezkoak ditugun baldintza ezinbestekoak dira. Horiek gure ekintzak egiten ditugun moduan egitearen arrazoi edo motorra dira, gure motibazioak. Marshall B. Rosenberg-ek zioen moduan, gizakiok ez dugu geure premiak asetzen saiatzea besterik egiten, nahiz eta erabiltzen ditugun modu edo estrategiak, batzuetan, traketsak, kaltegarriak edo tragikoak izan.

Eta honetan guztian, sentimenduak mezulariak dira, gure beharrak aseak diren ala ez ohartarazten gaituzten abisuak (sentimendu atseginak aseak ditugun seinale eta desatseginak, asegabeak dauden adierazle). Epaiak, etiketak, iritziak, exijentziak, “betebeharrak”, mehatxuak… ere, gure beharren batek atentzioa behar duenaren seinale dira.

Atseginak edo desatseginak suertatzen zaizkigun egoeretan, niri gertatzen ari zaidanaren inguruan adierazpen zintzoa egin edo bestea enpatiaz entzun dezaket, bietan, aurrez aipatutako lau osagai horiei arreta eskainita. Aldi berean, sarritan beharrezkoa da gelditzea, harremanari eta neure buruari zerbait aberasgarria eskaini nahi badiot.