Esker ona ematea eta jasotzea

Esker ona funtsezko praktika da Komuikazio Ez Bortitzean (KEB), gatazkekin gehiago lotzen badugu ere. Iritziak adierazteak eta jasotzeak gure ongizate pertsonala hobetzeaz gain, besteekin ditugun loturak indartzen ditu, ulermen- eta lankidetza-giroa sortuz.


Esker ona adierazten

Imajinatu norbaitek (adiskide, familia…) laguntza eman dizula zure seme-alabekin. “Eskerrik asko” esan beharrean, zure esker ona modu sakonagoan eta esanguratsuagoan adieraz zenezake. Iruzkin orokor bat egin beharrean, ekintza zehatza, eragin zaigun sentimendua eta asebete den beharra zehaztu dezakegu.

Adibidez, “Gaur arratsaldean nire seme-alaben kargu egin zara, nik mandatu batzuk egin behar nituen bitartean. Merienda prestatzeaz, haiekin jolasteaz eta beren zereginekin laguntzeaz arduratu zara. Zuri esker, arratsaldeari askoz ere tentsio eta estres gutxiagorekin aurre egin ahal izan diot. Haiek esku onetan zeudela jakiteak eman dit egin behar nuen horretan kontzentratzeko behar nuen bake mentala. Asko baloratzen dut gure adiskidetasuna, eta pozten nau elkar babes dezakegula jakiteak “.

Esker on horrek, beste pertsonaren ekintza aitortzeaz gain, duen inpaktua eta zuretzat zergatik izan den garrantzitsua ere adierazten du. Esker on horrek, estimua adierazteaz gain, lotura emozionala eta elkar ulertzea indartzen ditu.

Esker ona jasotzen

Esker ona jasotzea oso esperientzia pozgarria izan daiteke, baina pertsona batzuengan deserosotasuna edo erresistentzia ere eragin dezake. KEBn, esker ona modu ireki eta kontzientean jasotzen ikastea, adieraztea bezain garrantzitsua da.

Esker ona modu eraginkorrean jasotzeko, baliagarria da presentzia eta arreta osoa eskaintzea. Norbaitek eskertzen dizunean, arretaz eta erabateko presentziaz entzun. Saihestu distrakzioak eta kontzentratu bere hitzetan eta bere atzean dagoen esanahian. Esker ona onartu, garrantzirik kendu gabe. Norbaitek esaten badizu “Eskerrik asko zure laguntzagatik, oso baliotsua izan da niretzat”, sahiestu zure ekarpena minimizatzen duen zerbaitekin erantzutea: “Ez zen ezer izan”. Horren ordez, esan zenezake “pozten nau baliagarri izan zitzaizula jakiteak” edo “gustura egin nuen“.

Ohikoa da pertsona batzuek erresistentzia sentitzea esker ona jasotzean. Erresistentzia horiek sineste mugatzaileetatik, segurtasunik ezetatik edo errekonozimendua jasotzeko ohiturarik ezetik sor daitezke. Egin gogoeta esker ona jasotzean duzun deserosotasunaren arrazoiei buruz. Merezi duzu errekonozimendua? Ba al dago apaltasunari buruzko sinesmenik esker onak onartzeko duzun gaitasunean eragiten duenik?
Aitortu denok dugula errekonozimendu-beharra, eta esker ona jasotzea giza interakzioaren parte naturala dela. Deseroso sentitzen bazara, ondo dago zure sentimenduak partekatzea. “Kostatzen zait eskerrak jasotzea, baina asko estimatzen ditut zure hitzak”.

Ondorioa

Praktikatu KEB zeure buruarekin. Ezagutu zure sentimenduak eta beharrak esker ona jasotzen duzunean, eta utzi besteek eskaintzen dizuten estimua sentitzen.

KEBn esker ona praktikatzeak, adieraztean zein jasotzean, norberaren eta besteen ahaleginak eta ekarpenak ikusten eta estimatzen laguntzen digu, eta, batez ere, zorionerako ezinbesteko bitamina da.

 

Besarkada bat,

Nerea.