Besteak ulertu nahi?

Gaur egun, enpatiaren garrantzia askoren ahotan dabil. Badakigu ulertuak izateak eskaintzen digun lasaitasun eta betetasunak maila pertsonalean eta erlazionalean duen eragina. Aldi berean, atsekabetzen gaituzten jokaera/jarreretan edo iritzi desberdinen aurrean zaila egiten zaigu bestearen bizipena ulertzea.  

Hasteko bi hitzak aztertu ditzakegu: entzutea eta enpatia. Batetik, aktiboki entzuteko ixilik egotea beharrezkoa izango da. Hitz egitea eta entzutea, momentu berean, ez dira bateragarriak. Orain, entzuten nagoenean, zertan nago? Sarritan harrapatzen naiz, bestea entzuten ariko banintz bezela, baina nire buruan beste konturen batekin entretenituta edo zein argumenturekin erantzungo diodan pentsatzen. Aktiboki entzuteko nire arreta bestearen kontakizunean jarriko dut.

Bestetik, entzute enpatikoak, presentzi kalitate handiagoa eskatzen du. Entzuten ari naizenean zein intentziorekin nagoen begiratu dezaket. Zer lortu nahi dut entzutearekin? Entzun egingo diot, ondoren niri ere entzun diezadan? Edo bestearen hitz, jokaera edo emozioa baino haratago bizitzen ari dena ezagutu nahi dut? Azkenengo hau bada, bestearen hitz eta jarreren atzean egon daitekeen mezu ezkutua aurkitzen jarri naiteke. Zein emozio eta beharretan egon daiteke murgilduta experientzi horretan?

Bere jokaera/jarrerekin garrantzitsuak zaizkion aspektu edo behar batzuk asetu nahian ibil daiteke. Gure arreta kontu hauetan jarri dezakegu. Bere emozioak pistak emango dizkigu, gizakion ongizaterako beharrezkoak zaizkigun alderdien mezulariak bait dira. Emozio atseginak, beharrak asetuta dauden seinale izango dira eta emozio desatseginak aldiz, beharren batek atentzioa behar duela esatera datozkigu. 

Enpatiaz entzuteko, lagungarri izan daiteke hurrengo ezaugarriak aztertzea: 

 

  1. Zeregina: besteak azaltzen duen hortan argia jartzea izan daiteke. Bere ondoan joatea, ez aurretik ez atzetik, nik eraman nahiko nukeen lekura eraman gabe. 

  2. Sufrimendua. Norbait sufritzen dagoela ikustean, hortik atera nahi izaten dugu. Eta hori ez dagokit niri. Bizitzen edo sentitzen ari den hori oso desorosoa izanagatik, martxan jartzeko beharrezko duen inkomodidadea izan daiteke. Bere ongizaterako beharrezkoa duenaren berri ematera etor dakio. 

  3. Konfiantza. Besteak, egoera hori zeharkatzeko eta konpontzeko behar duen guztia du, nahiz eta ez jakin edo ez nahi izan. Beharbada laguntza ere behar du eta hau eskatzeko edo jasotzeko ere gaitasuna du. 

  4. Ulertzeak ez du esan nahi ados egon behar dudanik. Bestearen egoera edo bizipena bere osotasunean ulertzea nire muga edo neurriak hartzearekin bateragarria izango da.

Enpatia eman nahi dugunean, bere egoeraren hipotesiak egiteak lagunduko digu. Bere experientzia nolakoa izaten ari den irudikatuz bestea nola sentitzen den eta zer behar izan dezakeen galdera formatuan eskaini dezakegu. Ez gara empatitzaile hobeagoak zer gertatzen zaion asmatzen badugu. Oparia ematen ari gatzaizkio, gure begirada bere barrura bideratzen, berari ere mugimendu hori egiten irakatsiz.

Enpatian trebatzeak zer eskainiko digu? 

  1. Seme-alaba, ikasle, lankide, bikote, gurasoak… ulertzeko pistak izango ditugu. 

  2. Besteen beharrak identifikatuta ditugunean, errazago izango zaigu bere ongizaterako estrategi eraginkorrak topatzea

  3. Egoera gatazkatsuetan, kolaboratzeko eta besteen ongizatean ekarpenak egiteko bidea ahalbideratuko zaigu. 

  4. Hainbeste desiatzen dugun konexioa dastatzen lagunduko digu. Hau, diruarekin ordaintzen ez den zerbait da, sarritan, lortu nahiko genukeen jarrera hori baino ederragoa. 

Harremanez inguratuta gaude. Egunerokotasunean, egoera ugari ditugu tresna hau praktikatzeko. Zuzeneko egoeretako inprobisazio eta baldintza kaxkarren esku utzi gabe,  egoera horietatik kanpo minutu batzuk eskaintzeak trebetasun gehiago ekarriko digu.  Nondik hasi nahi zara?