Akatsetatik ikasi eta lotura berrezarri

Gizakiok, haur, gazte, edo helduak, ezjakintasun, zauri eta mugekin gaude. Horrenbestez, beste era batera egin nahiko genituzkeen gauzak egiten ditugu. Daukagunarekin eta dakigunarekin, aukera onena hautatzen dugu une bakoitzean. Horrek ez du esan nahi, uneoro arro egongo garenik. Ezta gugan edo besteengan gustoko ez den impakturik egongo ez denik. Beste modu batera egiten jakin/ahal izan bagenu, egingo genuen. Onartu nahi hau zugan, ikasleengan, lankideengan, familiengan… gizakion baldintza modura? 

Gure giza beharrak asetzen saiatzea besterik ez dugu egiten (batzuetan modu trakets, mingarri edo tragikoan). Izan ere, “akatsa egin det” edo “gaizki egin dut” edo “beti igual nabil” esatea, norberak nahiko lukeen moduan funtzionatu ez duen premia asetzeko estrategia besterik ez da izan. Ulertu eta ezagutu nahi zure eta besteen jokaera eta jarreren atzean zaindu nahian gabiltzan premi, balore edo aspektu garrantzitsu hori?  

Akatsak, hanka sartzeak, hutsegiteak… hazkundearen eta ikaskuntzaren zati naturalak dira. Pentsa dezagun oinez hasten den haurraz. Askotan erortzen da eta berriro altxatu egiten da, baina ez du pentsatzen: “Porrot egin dut berriro. Zer pentsatuko du jendeak? Orekaz ibili beharko nuke eta ibiltzen ez naizenez, ze eskasa naizen. Hobe berriro ere egoera lotsagarri horretan ez arriskatzea. Ezin dut ondo egin, beraz pertsona txarra izango naiz eta amore eman behar dut”. Zorionez, ez du horrelakorik pentsatzen. 

Erruan eta kritikan harrapatuta geratu beharrean, funtzionatzen ez duten estrategietatik ikas dezakegu. Elkar ulertzeak indartu egiten du eta gertatutakoa gure ikaskuntzaren parte da. Horri esker, beste modu zainduagoak aurkitu ahal izango ditugu, gure desioaren eta bilaketaren arabera. Sentimenduekin eta beharrekin konektatzea eta estrategiak lortu nahi ditugun emaitzetara doitzeak, gurekin adostasun handiagoa edo adeitsuagoa duen erantzunetara eraman gaitzake. 

Poztu gaitezen, kontzientzia hartzeak ikasteko era berrirako ateak zabaltzeko aukerak ekarri ditzazkelako.