🌿 BORTIZKERIA BIRZIKLATU

Batzuetan, egunak luze egiten dira. Nekea pilatzen da, erritmoa bizia da, eta lana zein ardura ugariak dira aldi berean. Horrek erantzun ezberdinak pizten ditu gure barruan. Askotan, tentsio hori kanpora ateratzen dugu: errietan, mehatxuen bidez edo zigorrak erabiliz. Baina ez da beti kanpora soilik joaten: barruko epaia ere pizten da, eta horrekin batera, presioa, errua edo frustrazioa gure buruan agertzen dira. Horrela hasten da bortizkeriaren dantza bi norabideetan.

Marshall Rosenberg-ek, Komunikazio Ez Bortitzaren (KEB) sortzaileak, bi animalia erabili zituen metafora gisa: txakala, bortizkeriaren hizkera irudikatzeko, eta jirafa, enpatiazko eta konexiorako hizkera sinbolizatzeko.

Ikuspegi honetatik, egoera bakoitza lau modutan interpreta dezakegu.
Adibidez, seme-alabak oheratu nahi ez duen egoera batean, lau ikuspegi hauetatik begiratu dezakegu:

1️) Txakala belarriak kanpora — erasoa kanpora

Interpretazioa: Epaiketa, kritika eta errua besteengan jartzen ditut.
Esaldiak: “Ordu honetarako ohean egon behar luke”; “Beti berdin dabil”; “Adarra jotzen ari zait”; “Nire esana bete beharko luke”; “Ez badu egiten, neurriak hartu beharko ditut!”.
Ondorioa: Haurrak erresistentzia edo beldurra garatzen du; agian obeditzen du, baina konexiorik gabe.

2️) Txakala belarriak barrura — erasoa barrura

Interpretazioa: Epaiketa, kritika eta errua nire buruari zuzentzen dizkiot.
Esaldiak: “Nola ez dut hau kudeatzen jakiten?”; “Ez dut ondo egiten”; “Eskutik ihes egiten dit, nire errua da.”
Ondorioa: Autoestimua kaltetzen da, tentsioa barruan pilatzen da, eta hurrengo egoeretan kontrol gutxiago izaten dugu.

3️) Jirafa belarriak barrura — autoenpatia

Interpretazioa: Egoera honetan niri gertatzen zaidana argitzeko arreta jartzen dut; nire sentimenduak eta beharrak identifikatzen ditut.
Esaldiak: “Nekatuta eta arduratuta nago, deskantsua behar dudalako eta haurren ongizatea zaintzen ari naizela ziurtatu nahi dudalako.”
Ondorioa: Gure burua ahalduntzen dugu, gure beharrak argituz eta haiek zaintzeko estrategiak aukeratuz. Horrela, egoerari lasaiago eta argiago aurre egin diezaiokegu.

4️) Jirafa belarriak kanpora — enpatia

Interpretazioa: Beste pertsonari gertatzen zaiona ulertzeko arreta jartzen dut; haren sentimendu eta beharrak antzemateko hipotesiak egiten ditut.
Esaldiak: “Agian ez dago nekatuta eta zaila egiten zaio oheratzea, logurerik ez duelako”; “Beharbada gustuko duen zerbaitetan dago murgilduta eta amaiera jartzea kostatzen ari zaio”; “Agian, berak ere erabaki nahi du noiz egin gauzak eta horregatik erretxintzen da.”
Ondorioa: Enpatiaren bidez, konexioa mantentzen da, eta gatazkak modu eraginkorragoan eta kolaboratiboan kudeatzeko bidea irekitzen da.

💬 Ondorioa

Bortizkeria birziklatzea ez da bortizkeriarik ez egotea.
Baizik eta garraxi, mehatxu edo exijentzien atzean dauden sentimendu eta beharrak entzunez, une zailak aukera bihurtzea.
Egoera deserosoak hazkunde, ikaskuntza eta konexio momentu bilakatzea da helburua.
Edo, gure abestian esaten dugun modura, “kaka konpost bihurtzea”. 🌱

ELKARREKIN HAZI LIBURUA

HARPIDETZAREN BIDEZ KEB-ko GIDAREN PDF-a JASOKO DUZU DOAN

Gainera, hitzaldi/prestakuntzen egutegiaz gain, eduki baliotsu eta sortzen noan proeiktuei buruzko informazioa ere jasoko duzu.

    Pribatutasun politika eta legezko oharra irakurri eta onartzen ditut.

    Erabileraren arduraduna: Nerea Mendizabal Etxeberria, helbidea: Uztapide 3-4 ezq – 20740 (Gipuzkoa) | Helburua: zure eskaerari erantzutea. Informazioa bidaltzea | Erabileraren iraupena: legearen araberako nahitaezko epeak (urtebete) | Zaintza-agintaritza: Datuak Babesteko Espainiako Agentzia, www.aepd.es