Zeure burua ulertu nahi?

Harremanez inguratuta gaude. Ezin gara harremanetatik ihes egin; bakarrik gaudenean ere, geurekin bait gaude eta geurekin dugun harremana ez da besteekin izaten duguna baino errazago izaten.

Denok irrist egin dugu eta irrist egiten jarraituko dugu eta beraz, arro ez gauden jokaerekin, zer esan nahi diogu gure buruari? Latigoarekin kaña ematen jarraitu nahi (kuestionatzen, epaitzen, autoexijitzen, errudun sentiarazten…) edo goxoki ulertu, onartu, eta benetako babesa ematen jarri nahi gara? Besteei eman nahi geniokeen tratu on hori lehendabizi geuri ematen jartzeak, denon bizitza aldatu dezake. 

Gure estruktura mental eta patroietan automatikoki eta inkontzienteki irteten zaizkigun jarrera hauek ondo grabatuta dauzkagu eta hauen birprogramazio bat eskatzen du geure buruarekin gogor ari garela jabetzen garenean. Auto dialogorako balio diezaguketen esaldi batzuk izan daitezke:

  • Ez naiz perfektua edo nire inperfekzioan perfektua naiz. 

  • Gizakia naiz eta ez dut makina izan nahi.

  • Gizakia naiz eta beraz, mugatua, baldintzatua eta zauritua nago. Nire trakeskeriekin onartzen eta maitatzen naiz.

Orain, honen aurrean beharbada erresistentziak ere somatu ditzaket. Garrasika ibili banaiz edo zatarkeriak irten bazaizkit, baita marra gorria pasa badut ere, nire barruan alderdi bat aktibatu daiteke, ulertu eta onartzearekin justifikatzen ariko banintz bezala, eta “dena ez da balekoa”. Badago sinesmen bat, gizakiok egiten ditugun hanka sartze edo akatsetatik ikasteko seinalatu, gaizki egin duguna leporatu eta zigorrik gabe edo mingarria zaigun zerbaitekin astindu bat eman gabe ez dugula ikasiko. 

Eta bai, egin dudanak izan duen eraginak kezka dakiguke. Aurrera begira, zaintzea gustatuko litzaidakeen alderdiekin zerbait egingo dudala konfiatu nahi izan dezaket. Eta begira zein gauza ederra! Gure barruan alderdi hau ere aldarrikapen horretan aritzea! Honekin batera, momentu horietan, egin dudana egitean edo jarri naizen bezala jartzearekin niretzat garrantzitsuak ziren alderdi batzuk zaindu nahian aritu naiz. Izan daiteke nirea ere aintzat hartzea nahi nuela, begirunea bilatzen nuela, edo laguntza eskatzeko modu ankerra izan zitekeen. Eta honekin batera, beste aspektu batzuk ez ditut jakin izan zaintzen. Adibidez, samurtasunez aritzea, besteekiko enpatia, errespetua edo konfiantza. Bi alderdiak, zaindu nahi nuena eta zaindu ez dudana kontutan hartuko lituzkeen modu edo estrategia eraginkorragorik eskura izango banu, ez dut zalantzarik ez nintzatekeela bortizkeria eta trakeskeriara joango. 

Beraz, nirekiko begiradan: 

  • Ahal dudana egiten ari naiz momentu oro dakidanarekin, daukadanarekin eta aurkeztu zaidanarekin. Egoera hauetatik ikasteko aukera dut eta joango naiz ikasten… 

Norbere autodialogoan kaña ematen ari garela ohartzen garenean, bakoitzak bere esaldi edo jarrera pertsonalak topatzea interesgarria izan daiteke. Dudarik gabe, tonu goxo eta armonikoagoak ere on egingo digu.