Gabonetako elkarrizketa zailak nola igaro zeure burua galdu gabe
Gabonak argiz, abestiz eta denok bakean egoteko desio zintzo horrez estalita datoz. Baina, egia esan, badakigu garai honek ere badakartzala mugiarazten gaituzten momentuak: familia-dinamika errepikatuak, min ematen duten iruzkinak, urrutitik datozen tentsioak edo betetzen ez diren itxaropenak.
Agian gozatu nahi duzu eta badakizu elkarrizketa batzuek zauri samarren bat ukituko dutela; edo ospakizuna antolatzeko karga mentala zure gain eroriko dela aurreikusten duzu; edo konparazioak, isilune deserosoak edo benetan behar dituzunean presente ez dauden pertsonak egongo direla imajinatzen duzu.
Komunikazio Ez Bortitzaren ikuspegitik, momentu hauek ez dira “familia-hutsa”. Bizitzaren parte dira: beharrizan unibertsalak asetzeko estrategia desberdinek talka egiten duten espazioak.
Prestaketa apur batekin, geure burua zaindu dezakegu konexioa galdu gabe (eta geure burua galdu gabe).
Hona hemen data hauek lasaiago, presenteago eta askatasun handiagoz bizitzeko 8 gida praktiko.
1. Prestatu elkartzea baino lehen: zaindu nola iristen zaren
Ez inprobisatu afarian bertan. Zuk badakizu zein iruzkinek edo egoerek ukitzen
zaituzten. Aurre hartzeak askatasuna ematen du.
Batzuetan ez da esaldi bat, baizik eta dinamika bat:
- Beti zu izatea otordua antolatzen duena, besteak “gonbidatu” bezala iristen diren bitartean.
- Zuk umeen atzetik ibiltzea eta norbaitek sofatik esatea: “Ea portatzen diren!”.
- Norbait abisatu gabe berandu iristea eta gero presaz hastea.
- Zure lanari, gorputzari, bikote-harremanei edo amatasunari buruzko iritziak ematea, nola zauden galdetu gabe.
- Iritsi aurretik, galdetu zure buruari:
Zer nahi dut aurten baimendu? Zer ez? Nola erantzun nahi dut berriro gertatzen bada?
Aurretik hitz egitea komeni bada, animatu partekatzera.
- “Aurtengoa elkarrekin antolatzea gustatuko litzaidake. Zer ekar dezakezue?”
- “Beranduago iristen bazarete, ez dago arazorik, baina jatorduakin hasiko gara.
Ados?
Ez da kontrola: autozaintza da.
2. Eman zeure buruari autoenpatia sartu aurretik
Timbrea jo baino lehen, arnasa hartu eta galdetu:
“Nola nator?” Nekatuta? Hiperaktibo? Ilusionatuta? Gainkargatuta? Gogoz?
Beldurrez? Norberaren emozioak aitortu eta izendatzeak gure benetako beharrizanen
kontzientzia hartzen laguntzen du.
Aukeratu edo prestatu dezakezu esaldi-ankra bat:
- “Nola erantzun erabaki dezaket.”
- “Ez dut dena eutsi behar.”
- “Entzun dezaket kargatu gabe.”
- “Ez dut arrazoia izan behar bakea izateko.”
3. Onartu dagoena (eta gaur ez dela aldatuko)
Askotan gehiago sufritzen dugu errealitatearen aurka borrokatzeagatik benetan gertatzen
denagatik baino.
Eta Gabonetako errealitatea askotan honelakoa da:
- Ume batek negar edo garrasi egingo du, edo ez du agurtu nahi izango.
- Norbaitek oso ozen hitz egingo du, edo ez dizu esaldiak amaitzen utziko.
- Norbaitek kritikatuko du edo betiko “txapa” edo istorio bera errepikatuko du.
- Norbaitek galdetuko du zergatik erabiltzen duen zure seme-alabak horrenbeste
pantaila (berea berdin dagoenean).
Hau onartzeak ez du esan nahi amore ematea: lasaitasuna aukeratzea da.
Erresistentziak tentsioa dakar; onarpenak, lasaitasuna.
Esan diezaiokezu zeure buruari:
“Hau ez da pertsonala. Bere beharrak kudeatzeko modua da.”
4. Mugak labur eta argi, zure energia babesteko
Muga bat ez da sermoia. Ez du tonu gogorrik behar.
Esaldi leun eta garbi batekin nahikoa da.
- “Gai hori gaur ez dut ukitu nahi.”
- “Orain ezin dut horri heldu, zu ardura zaitezke?”
- “Hemen utziko dut; momentua gozatu nahi dut.”
- “Haize pixka bat hartzera noa, berehala nator.”
Gogoratu: muga ez da urruntzea, autozaintza da.
5. Zaindu zure energia eta egin mikro-etenaldiak
Gainkargatuta zaudenean, zailagoa da lasai entzutea edo mugak mantentzea.
Zerbait pizten zaizunean, PAUSA: hiru segundo, ur tragoxka bat, leihoa begiratzea, arnasa sakona, komunerako paseo labur bat, gela aldatzea…
Mikro-pausa horrek erreakzioa eten eta aukera ematen du.
Nekea kudeatzeko proposamenak:
- Norbaitekin bazoaz, egin txandak umeekin.
- Zehaztu aurretik zenbat denbora egon nahi duzun.
- Pentsatu zer gauza egin ditzakezun arinago eta zertan eskatu dezakezun laguntza edo delegatu.
Zure energia zaintzea zeure burua zaintzea da.
6. Adierazpen zintzoa eta begirada enpatikoa
Kontua ez da dena irenstea.
Zerbait mugitzen bazaizu, esan dezakezu inolako eraso edo errurik gabe.
“Nik… sentitzen dut… baloratzen dudalako… ahal izango zenuke…?” egitura oso lagungarria da.
Adibidez:
- “Umeek arreta eskatzen dutenean eta zu mahai inguruan jarraitzen duzunean, badirudi suposatzen dela ni arduratzen naizela, eta nekatu egiten naiz. Banatu genezake?”
- “Umeak konparatzen dituzunean, deseroso sentitzen naiz. Niretzat garrantzitsua da bakoitza bere modukoa izatea. Agian haien aurrerapenak aitortu nahi dituzue edo zerbaitek kezkatzen zaituzte, nahiz eta konparazio moduan atera?”
- “Gehiago jateko eskatzen didazunean, agobiatuta sentitzen naiz.
- Nik nire gorputzaren beharrei entzutea baloratzen dut. Agian lasaitasuna edo segurtasuna behar duzu nire ongizateari buruz? Konfiantza izango bazenu, asko lagunduko lidake.”
- Enpatiaz esanda, ateak irekita geratzen dira.
7. Itxaropenak egokitu umeekin
Gabonean gain-estimulazioa ohikoena da: azukrea, opariak, zarata, ordutegiak hankaz gora…
Beraz:
- Agian ez dute agurtu nahi izango.
- Agian nekatuegi edo azeleratuegi egongo dira.
- Opariak direla eta borrokak egongo dira.
- Ohikoa baino pantaila gehiago nahi izango dituzte.
- Kolapso emozionala etorriko da une desegokienean.
Eta zuk ere galduko duzu pazientzia, edo ez duzu “perfektuki heziko”.
Zaindu eta prebenitu ahal duzun guztia. Unean bertan ahal duzun modurik onenean jardun, eta askatu exijentzia.
Garrantzitsuena sostengatzea da, ez kontrolatzea.
8. Bilatu benetako konexio txikiak
Ez da beharrezkoa dena ondo egotea momentu bat ondo egoteko: begirada goxo bat, keinua, irribarre partekatua, umeekin jolastu minututxo bat, besarkada bat…
Konexioak ez du perfekziorik behar: intentzioa behar du.
Amaitzeko…
Agian Gabonak ez dira inoiz postal perfektua izango.
Agian beti egongo da komentario bat mina egiten duena edo dinamika errepikakor bat.
Baina hala ere, bizia, humanoa, ez-perfektua… eta benetan esanguratsua izan daiteke.
Ez duzu familia osoa aldatu behar.
Zure esku dago nola prestatzen zaren, nola entzuten diozun zeure buruari eta nola erantzuten duzun.
Zuk aldatzen duzunean zure modua, zure esperientzia aldatzen da.
Eta batzuetan —eskatu gabe— besteak ere leuntzen dira.
Gabonetako bakea ez da zailtasuna saihestean sortzen,
zailtasunean presente egoten ikastean baizik, zeure burua galdu gabe.
Gabonetan libururen bat irakurri nahi baduzu hau gomendatzen dizut:
HARPIDETZAREN BIDEZ KEB-ko GIDAREN PDF-a JASOKO DUZU DOAN
Gainera, hitzaldi/prestakuntzen egutegiaz gain, eduki baliotsu eta sortzen noan proeiktuei buruzko informazioa ere jasoko duzu.
Erabileraren arduraduna: Nerea Mendizabal Etxeberria, helbidea: Uztapide 3-4 ezq – 20740 (Gipuzkoa) | Helburua: zure eskaerari erantzutea. Informazioa bidaltzea | Erabileraren iraupena: legearen araberako nahitaezko epeak (urtebete) | Zaintza-agintaritza: Datuak Babesteko Espainiako Agentzia, www.aepd.es